Usansoloko Oinarin dantzari taldearen 10. urteurrena

Oinarin Dantzari Taldea 2006-11-02

Aurten Usansoloko Oinarin Dantzari Taldeak bere 10. urteurrena ospatzen du. Asmo honekin, taldeak ekitaldi berezi ugari antolatuko ditu urte honen amaieran eta datorrenaren erdialderarte: bertso saioak, agerraldiak aspaldiko dantzariekin, janari herrikoiak, eta abar. Eta honen adierazpide argia, sasoi honi hasiera emateko, Usansolon antolatuko den Bertso Saioa da.

Gaur egun “top-ten”-aren barruan dabiltzan bertsolariak arituko dira bertsotan Usansoloko frontoian Azaroak 25ean, larunbata, arratsaldeko 18:00etan: Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Kolina eta Aitor Mendiluze. Oinarin Dantza Taldeak denon eskura jarri nahi du ekitaldi hau, eta horretarako sarrerak 5 €-tan (nagusientzako) eta 3 €-tan (umeentzako) jarriko ditu salgai frontoi bertan saioaren egunean.

Bertso Saioa, honen ostean egingo den, Oinarinen lokal berriaren inaugurazioaren ataria izango da. Hilabeteetan, ia egunero, lokal berria konpontzen eta moldatzen ibili ondoren, garaia heldu da bere aurkezpena egiteko. Hainbeste buru-hauste eman digun lokal honek, azkenean bukatuta dago, aparteko itxurarekin gainera!!!. Hau ospatu nahi dugu, eta bertso saiora datorren jende guztiak zenbait pintxo eta edari hartzeko aukera izango du gure lokalaren inaugurazioan.

Beraz, arratsalde paregabea pasa nahi baduzue, adin guztietarako pentsatutako ekitaldi honetan, Oinarin Dantzari Taldeak Usansolora gonbidatzen zaituzte Azaroaren 25ean.

David Maeso

 
Oinarin.com - Oinarin dantzari taldea